GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Txapelketa Nagusia 2009

Buruz burukoa | Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio

p014_f01_97x136.jpg

Seiko motza
Zuen ama gaur irtengo da anorexia gaixotasuna sendatzeko zentrotik. Hirurentzako bazkaria prestatzen ari zarete.
 

Maialen
Gure amak ze gaitz grabe
eta guk ze atsekabe
itxuran miran ia etzala
berrogeiren jabe
lehenik pure bat xuabe
gero arraina halare
astiro-astiro joan gaitezen
baina etenik gabe

Amets
Urteetako palizan
buelta hartu du balizan
ta orain garai berri bat hasten
dugunez bizitzan
arrai pixkat bere ditxan
asko ez betiko gisan
berak ere ezetz esan beharrik
ez dezala izan

Maialen
Goazen beraz pausuz pausu
amari eginez kasu
animo ama proba itzazu
kutxaraka batzu
ispilua re hor daukazu
andre ederra zera zu
ispiluari gezurra zuk zeuk
esaten diozu

Amets
Ene zenbat korapilu
platera eta katilu
ispiluaren aurrera joanda
bi begien brillu
baina ze ispilu, istilu
ze arma ta ze iskillu
gaurtik aurrera gure begiak
dituzu ispilu

Maialen
Denborak aurrera darrai
garai batean nolanahi
esaten zigun bazkaritan ez
ba meriendatan bai
lana da sinestea ai
lana da egoten lasai
gu bioi jaten eman zigunak
ez duela jan nahi

Amets
Etzazu egin zalantza
irauliko da balantza
nik hartzen diet Eguberri zahar
pasatakoen antza
ama hor daukazu saltsa
jan lasai ta hartu hatsa
baina hori bai bukatu aurretik ez zaitea altxa


Zortziko txikia
Oinez irakasteko zelaira joan zarete biak zuen haur txikiarekin. Ondoan arkume bat zelan jaio eta korrika hasi den ikusi duzue.

Amets
Arkume jaioberri txurian itsusi
baina jaioberritan gorputzari eutsi
oinez hasi ez da ba
hankak jo ta hautsi
hoiek zenbat dakiten
pertsonek ze gutxi

Maialen
Etzaite horren azkar
ibili mutiko
ni pertsonaren alde
ipintzen naiz tinko
azkar ikasten dute
ta bizi guztiko
baina hizketan ez dute
bela ikasiko

Amets
Baina jarri begiak
gure haur finean
arkume atzetik doa
bere ezinean
oinez ikasi aurretik
pausu arinean
horrek ja joan nahi du
arkume gainean

Maialen
...
bai ume argia
esan diot txikitxo
hara miraria
kasu hortan amatxo
ni nauzu ardia
eta asmatu zazu
nor den aharia

Amets
Ahariaren kontua
aizu aipatzean
oraintxe gelditu naiz
ni larri trantzean
zeren mundu osoko
aharien antzean
ez ditut ba izango
adarrak atzean

Maialen
 Ez dizut erantzungo
hobe esan amen
edo igual gelditu
behar det nabarmen
txikitxo ikusi da
zelai baten hemen
gaurkoan re bizitza
ze miraria den


Kartzela

Maialen Lujanbio


HITZA sua
 
Hura asmakizuna
homo habilisena
bazun intentzioa
bazuen sena
bi harrik elkar jota
txispa bat aurrena
asmakizun haundina
mendetan barrena
sua da problema
zenbait basorena
edo jaki dena
berotzen duena
eta bi begiradek
sortzen dutena


Bakarkakoa
Hileko aurrez aurreko bisita daukazu. Kartzelara heldu eta funtzionarioak esan dizu sartu nahi baduzu, bere aurrean biluzi beharko duzula eta miatzen utzi.
Pasa ziren epaiketa
prozesu luze ta auzi
espetxetik espetxera
orain egiten dut jauzi
azken hau Okañakoa
ez det gutxitan ikusi
baina gaur arte ez nintzen
sentitu horren biluzi
maitea barruan daukat
bakarrik ezin det utzi
duintasun, askatasun
hitzak dizkit erakutsi
ta eutsi nahi diet baina
ia ezin diet eutsi
zenbat tasun ezpainetan
eta zeinen muxu gutxi

Etxean ni izan nintzen
atxiloketan lekuko
erauzi ta eraman zuten
oihan nuena gertuko
kondena hark zenbat gezur
zenbat tranpa zenbat truko
gure hitzek epaiari
baina ezin egin uko
badakit Espainia ez dela
herri legedi justuko
akaso haserrez nere
lepazaina zait puztuko
biluztuko nauzu eta
nere zorroa hustuko
baina bihotz barrukoa
ez didazu biluztuko

Kartzelaren ataria
umela eta ospela
funtzionari poliziak
doazela datozela
ba ez dizut ba men egingo
ta beteko erregela
ez zuk nahi lez sinatuko
konfesioan papela
aitortzen det samin handiz
uzten dudala kartzela
atzera etxera noa
etorri naizen bezela
esperantza daukat bera
indartsu egongo dela
badakit badakiela
berekin izan naizela

Amets Arzallus


HITZA Sua
 
Pospolu batek pizten
badu lehen ditxa
gero bota sastraka
eta zumitza
tximinitikan gora
doa bere gisa
baina neretzat sua
dugu bertsogintza
bertsoa balitza
su baten baldintza
pitz dezagun hitza
alaituz bizitza
hemen su horren bueltan
dantzan gabiltza



Bakarkakoa
Hileko aurrez aurreko bisita daukazu. Heldu zara kartzelara eta funtzionarioak esan dizu sartu nahi baduzu, bere aurrean biluzi beharko duzula eta miatzen utzi.

A-8 pare horretan
urte osoan obretan
gu beraiekin zorretan
bide zail ta lehorretan
baina utzi dut Burgos atzean
ta Madril ez dago bertan
azkenerako Herrera ikusi
pankarta handi batetan
sartu naiz eta funtzionariak
ez daude hitz samurretan
biluztu behar dugula eta
zer zabiltza gezurretan
urteak dira Euskal Herria
dagoela hezurretan

Pentsa zuek ze komedi
ze baldintza ze komeri
ta funtzionari honeri
nik esan behar bi egi
oraintxe jarri garenez gero
biak aurpegiz aurpegi
guztia bistan dudala ez didak
berriz egingo abegi
barruko horrek ulertuko dik
hala esan zidaan neri
kanpora irten naiz
ta oihu egin dut
erdi gaixo erdi eri
besarkada bat Eneko eta
muxu handi bat deneri

Martxan jarri auto zaharra
zaharra baina ez da txarra
hemen goaz tirri-tarra
aurrean dugu iparra
iparralderantz Euskal Herrirantz ze pena ta ze negarra
baina hala da Espainia aldeko
justizien ezbeharra
heldu etxera eta hartu dut
paper baten zirri marra
gutun txiki bat ta utzi ditut
bi muxu ta irriparra
hori delako nik biluzteko dakidan era bakarra
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo